«Ideiak, pertsonak eta alderdia berritu gabe, nola aldatuko dugu gizartea?»

 BERRIAn elkarrizketa

Arabako PSE-EEren ildo berritzaileko buru ezagunetakoa da. Bihar, Txarli Prietoren ildo ofizialarekin lehiatuko dira arabar sozialisten kongresuan. Zuzendaritzan sozialisten aniztasuna islatzeko akordio bila jardungo dute azken unera arte.Arabako PSE-EEren ildo berritzaileak Juan Carlos Alonso aurkeztuko du idazkari nagusi izateko. Atzo arratsean egin zuten bileran erabaki zuten. Batzarra egin aurretik hitz egin du BERRIAk Oscar Rodriguez Vazekin (Gasteiz, 1977).

Azken ordura arte hautagai ofizialik ez dago Arabako PSE-EEn, argi dagoen arren gutxienez bi egongo direla. Zeren sintoma da hori?

Azkeneko unera arte hautagaiak ez aurkeztea nahikoa arrunta da. Dena den, guk duela urtebete hasi genuen prozesu bat ideiei buruz, gure alderdiari buruz eta baita pertsonei buruz ere hitz egiteko, eta gardentasunez egin dugu. Horixe eskatzen dugu alderdiarentzat; ezinbestekoa da ideia berriak eta alderdi berritua eraikitzea eta pertsona berriak integratzea.

Barne demokraziaz ari zarete, ala baita kanpora begira ere?

Inkesten arabera, herritarrek hiru kezka nagusi dituzte: langabezia, krisialdia eta alderdiekiko urruntasun eta mesfidantza. Gu hirugarren arazoa gara herritarrentzat. Hori irauli beharra daukagu, eta, horretarako, demokrazia hobetu behar dugu, baina lehenik eta behin alderdietatik hasita. Eta guk diogu gure alderditik hasi behar dugula. PSE-EEren arazo nagusiena sinesgarritasunik eza da; sinesgarritasuna berreskuratzeko, hiru gauza egin beharko genituzke.

Zein hiru gauza?

Ideiak eta alderdia berritzea eta pertsonak aldatzea. Zeintzuk diren ideia berri horiek? Sozialismo berdea aldarrikatzen dugu, zerga sistema ausartago bat ezartzea eta gizarte solidarioago bat eraikitzea. Alderdiari dagokionez, alderdi eredu berri bat proposatzen dugu; demokrazia hobetzeko, lehenik eta behin alderdia hobetu behar dugu. Eta pertsonak aldatu. Izan ere, ideiak, alderdia eta pertsonak berritu gabe, nola aldatuko dugu gizartea?

Txarli Prietok dio bi sektoreen arteko desberdintasunak, huts-hutsean, pertsonalak direla.

Ezberdintasunak egon badaude, eta politikoak dira. Ezkerrak politika eta erakundeak berpizteko neurriak bideratu behar ditu. Baina kanpoko erreformei ekin aurretik barnekoak egin behar ditugu. Erreforma horiek lirateke gardentasuna, eztabaida librea, parte-hartze mekanismo berriak eta kargu publikoak kontrolatzeko mekanismo berriak. Prietok ordezkatzen duen ildoak, aldiz, ez ditu bide horiek nahi. Gardentasuna eskatzen dugunean ez gara esaten ari alderdian ez dagoela gardentasunik, baizik eta gardentasun gehiago behar dela. Eztabaida librea edo eztabaida gehiago eskatzen dugunean ez dugu esaten ez dagoela eztabaidarik edo ez dela onartzen. Berdin parte-hartze mekanismoak eskatzen ditugunean ere, egungoak zaharkitu egin direlako. Guk kontsultak eskatzen ditugu, primarioak eta zerrenda irekiak. Horiek ezberdintasun politikoak dira, ez dira ezberdintasun pertsonalak.

Urtebete badaramazue sektore ofizialaren oposizio gisa-edo, baina oraintsu arte ezin izan dituzue alderdiaren azpiegiturak erabili. Garesti ordaintzen da disidentzia?

Gu alderdi sozialistaren parte gara, ez gara kanpoko korronte bat. Ez dugu onartzen egoera hau bizi izana. Esan duzun bezala, urtebetez aritu gara gizarte etxeetan biltzen ideiei buruz hitz egiteko, hau da, sozialismo berdeari buruz hitz egiteko, zerga sistema berriari buruz edo gizarte solidarioago bati buruz hitz egiteko, eta ez dugu ulertzen zergatik ezin izan dugun gure etxean egin.

Araban PSE-EEk indarra galdu du. Laugarren alderdia zarete. Zeri leporatzen diozue gainbehera hori? Zuzendaritzari? Barne borrokari? Kanpoko faktoreek eragin dute?

Barne desberdintasunek alderdiari sinesgarritasuna ematen diote. Gizarteak ikusten du denok ez dugula berdin pentsatzen, alderdia ez dagoela klonez osatuta, eta eztabaida dagoela. Horrek PSE-EEri sinesgarritasuna ematen dio. Planteamenduari buelta emanda, gure arazo handiena da sinesgarritasunik eza. Noski, ekonomia krisiak min handia egin digu, gobernuan baikeunden, bai Jaurlaritzan baita Espainian ere; ekonomia politikan egin genuen aldaketa ere ez da ona izan guretzat... Baina arazoa latzagoa da. Sinesgarritasun gabezia horrek gizartea eraman du pentsatzera gu hirugarren arazoa garela. Eta guk diogu sinesgarritasun gabezia hori amaitzeko ideiak aldatu behar ditugula, noski, printzipioei eutsiz; alderdia berritu behar dugula eta pertsonak aldatu behar ditugula.

Minduta zaudete PSE-EEk, asteburuan egin duen kongresuan, Prietoren aldeko jarrera erakutsi duelako?

Kartak ahoz gora jarri dituzte. Euskadin pentsatu dute Arabaren etorkizunari begira Prietoren ildoa dela onena, baina gu ez gaude ados. Kongresu horretan aukera galdu genuen ideiak, alderdia eta pertsonak berritzeko. Ez dugu etsi, dena den. Lehia Araban dago; ez zegoen ez Euskadin, ez Espainian.

Arabatik abiatuta PSE-EEren eraberritzea bultzatuko duzue?

Sozialismo guztiak aldaketa behar du, baina gu ez gara gai, ez gara nor, sozialismo orokorra aldatzeko. Lehenik eta behin, norbere auzoa aldatu behar dugu, eta hori egin ostean eska dezakegu beste auzoak ere aldatzea. Gure postulatuak, hau da, gardentasuna, eztabaida librea, parte-hartze mekanismo berriak eta kargu publikoak kontrolatzeko mekanismo berriak Araban ez ezik sozialismo guztian nahiko genituzke, noski.

Arabako idazkari nagusia dena delakoa dela, zuzendaritza bi korronteetako pertsonek osatzeko aukerarik ikusten duzu?

Alderdi sozialista indartsu izan denean korronte desberdin guztiak bere barne izan ditu. Hara, gure idazkari nagusietako bat, Fernando Buesa, kristau demokraziatik zetorren, baina hura ez zen PSE-EEn postulatu kristau-demokratak ezartzera etorri, sozialdemokrazia garatzera baizik. Txarli Prieto alderdi komunistatik etorri zen PSE-EEra, baina ez postulatu komunistak ezartzera. Aniztasun hori ulertu dugunean handiak izan gara; aniztasun hori onartu ez dugunean, aldiz, txikiagoak. Hor daude emaitzak: Espainia mailan %20 galdu genuen azken hauteskundeetan; Araban, berriz, %40. Zergatik? Gure ustez, aniztasuna ez dugulako onartu.

Baina posible litzateke korronte guztiak batu eta zuzendaritza bateratu bat osatzea?

Gustatuko litzaiguke noski. Izango litzateke alderdiaren aniztasuna ulertzea. Gure ildoan ere ez dugu guztiok gauza bera pentsatzen, baina ezberdintasun horiek ulertzen ditugu, eta ezberdintasun horiek kudeatu behar ditugu, hori baita aniztasuna.

Baina oraingo kongresutik aterako da halakorik?

Ezer ez da ezinezkoa. Azken minutura arte ahaleginduko gara. Akordio baterako aukerak baldin badaude, prest egongo gara. Beraz, ezer ez da ezinezkoa, baina zaila ikusten dut.

Eusko Legebiltzarrean pisua zenuen sozialisten taldean, baina hauteskunde zerrendatik at geratu zinen. Espero zenuen horrelako zigorrik?

Ez nuke neure buruari buruz hitz egin nahi; abestiak dioen moduan, horrelakoa da bizitza.

Dena den, orain zabaldu den aro berria ikusita, faltan sumatzen duzu Eusko Legebiltzarrean egotea?

Bake giro honetan legebiltzarrean ez egoteak, noski, pena ematen dit, hiru alor nagusitan posible izango litzatekeelako ezkerrarekin batzea: zerga sistema berri baterantz joateko, lurralde antolaketa aldatzeko eta bizikidetzan aurrera egiteko. Hiru puntu horiek ez ditugu hilabete batean konponduko; urteak beharko ditugu. Bestalde, gizartean ere landu genitzake, eta lan horretan ahaleginduko naiz, unibertsitatean edo beste alor batean.

EH Bildurekin zubiak eraiki behar direla diozu, orduan?

Bai, baina EH Bilduk egin beharrekoak egiten dituenean. Exijenteak izan behar dugu EH Bildurekin, bereziki bizikidetzari dagokionez, hemen gertatu denari buruz hitz egiteko eta nork bere erantzukizunak hartzeko orduan. Baina nik gogoan dudan herria ezkertiarra da, bai; eta espero dut zortzi-hamar urtetan hori posible egitea.

Comentarios

Entradas populares de este blog

Pan y circo

Los verdaderos patriotas vascos