viernes, 21 de agosto de 2009

Euskadiko Aurrekontuei buruz

PSEek beteko du Euskadiko Alderdi Popularrarekin sinatu zuen akordioa. Akordio honek hainbat politika negoziatzerako orduan, besteen artean aurrekontuei dagokiena, bi alderdien arteko lehentasunezko harreman bat ezartzen du. Eta hori da egingo duguna, beste inork baztertu gabe.

Horregatik iruditzen zait berri ona dela EAJk aurrekontuetan akordioetara iritsi nahi izatea. Orain ikusi behar dena da alderdi honen borondatea tinkoa den eta akordio bihurtzen den. Baina horretarako argi izan behar da zertara jokatu nahi den eta alde horretatik, ez nago ziur EAJk nahiko argi duen. Tamalez, ez dakit beraiek dakiten ala ez nolako jarrera eduki behar duten euskal politikarekiko.

Dena dela, Patxi López-en inbestiduraren alde agertu zirenekin egindako lehendabiziko bileraren ostean, akordioa zabaltzen saiatuko gara. EAJrekin baita ere. Azken lau urte hauetan, haiekin paktuetara iritsi gaitezkeela erakutsi genuen, eta noski, orain gobernuan gaudela, berriro ere saiatuko gara. PSE eta Alderdi Popularraren artean sinatutako oinarrizko akordioak ez baitu inor baztertzen, biolentoak izan ezik. Eta zalantzak dituena, akordioaren hamaika orrialdeak irakur eta berrirakur ditzala.

No hay comentarios: